Pariseko presondegien martxa abiatu da!

Pariseko presondegien martxa abiatu da!

Abenduaren 7, 8 eta 9an Euskal Herritik jinik, bakea eta presoen alde, Parise inguruko presondegietatik iraganen dira ehunka ibiltari.

Ibilaldi hori Bagoaz, Sare eta Etxerat elkarteek, azaroaren 16an Mont de Marsanetik abiatu Frantziako itzuliari jarraikitzen zaio. Itzuli hortan, hiru astez konzientizazio lana eramana izan da, luze eta zabal aipatuz, Estatuko 20 presondegietan euskal presoek jasaiten duten salbuespeneko egoera baita ondorioz familiakoek pairatzen dutena.

Abenduaren 7an eta espetxe birari segida emanez, Pirineo Atlantikoetako Senataria den Max Brisson (LR), Pirineo Atlantikoetako diputaua den Vincent Bru (Modem), eta José Bové diputu europarrak (EELV), parlamentari delegazio bat osatu dute eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) ordezkariak diren Marixol Iparragirre eta Mikel Albisurekin bildu dira Réau-ko kartzelan.

Topaketa honen ostean, hiru parlamentariek biziki hunkituak izan direla adierazi dute. Euskal presoek pairatzen duten egoerari urgentziazko aterabide bat atzeman behar dela nabarmendu dute, zinezko bake justu eta iraunkor bat lortzerako bidean. Bide beretik, EPPKko ordezkariek helerazi dieten testuarekin erabat ados direla azaleratu dute.

Horren ostean, 200 pertsonez osaturiko ibiltari taldeak, hasiera eman diote Parise eskualdeko presondegien martxari. Gaurko ibilbidea, Réau-tik Fleury-Mérogis-eko kartzelara izanen da (23km).

Abenduaren 8an, goizeko 9:00etan, Fleury Mérogis-etik abiatuko da ibilaldia, Fresnes-eko presondegiraino, 17 km eginez.

Larunbatean, abenduaren 9an, goizeko 8:030tan, azken etaparendako, ekunka ibiltari juntatuko dira, azken 10 kilometroen egiteko, Fresnetik 1940 ko Ekainaren 18ko plazaraino (Montparnasse geltokiaren ondoan). Handik abiatuko baita manifestaldi erraldoia: “Bakea Euskal Herrian: orain presoak”.

10 000 pertsonetik gora espero dira, Bakegileak – Apirilaren 8an, ETAren armagabetzea ahalbidetu zuen elkarteak – antolatu ekimen horretan. Aldi honetan, frantses eta espainol gobernuei eskatzen zaie bakearen urratsetan engaiatzea, lehen urrats gisa, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriak kentzea.

​EPPK-ko ordezkariek parlamentariei utzitako testua​