Jean Noël Etxeberri Txetx bakegilearen balorazioa apirilaren 8ko egun bukaeran

Jean Noël Etxeberri Txetx bakegilearen balorazioa apirilaren 8ko egun bukaeran

Bakegileen azken agiria hemen

Le communiqué

Antolatu genuen bezala pasatu den egun bat izan da, zinez. Hau da, gorabehera handirik gabe. Goizeko desegite operazioak ongi pasatu dira, non 174 behatzailek, 174 Bakearen Artisauk segurtasunaren pean jarri dituzten zortzi gune, zeinetan kokatuak baitziren ETAren hainbat armategi. Memento berean eman dizkiegu gune horien kokalekuak prestigioa duen agintari internazional bati, hain zuzen Vatikanoko ordezkari bati, San Egidio komunitateko arduradunari zehazki, zeina berezitua baita gatazken konponbidean. Eta hark eman dizkio Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari, frantses agintariei eman baino lehen, azken hauek Bakearen Artisauek segurtaturiko kokapenetara irits ahal zitezen.

Trantsizio bat gertatu da gure bolondresen ‑ Bakearen Artisauen‑  eta indar polizial frantsesen artean. Baldintza onetan pasatu da, atxiloketarik gabe, zeina garapen ohargarria baita Luhusoko gertakariekin alderatuta. Ezkutaleku horietan baziren 120 suzko arma, hiru tona lehergailu, eta milaka munizio eta detonatzaile.

Zuekin mintzatzen naizen ordu hauetan, ETA, Europa mendebaldeko azken erakunde armatua, erabat desarmatua da. Arrats honetan, 20.000 lagun inguru elkartu dira eguzki bortitzaren pean, Baionako plaza nagusi batean, non errespetuzko ekitaldi xume eta duin bat egin duten. Bakearen bi Artisauk hartu dute hitza: Mixel Berhokoirigoinek eta Michel Tubianak. Eta oroitarazi dute nola gizarte zibilaren iniziatibak ahalbidetu duen desblokeatzea eta askatzea duela bost urtetatik blokeatua zen egoera bat, Luhusoko gertaerek azkartu dutena.

Manifestu bat irakurri dute lau hizkuntzatan: Susane Georges idazleak ingelesez, frantsesez magistratu ohi eta NBEko giza eskubideen batzordeko kide Louis Joinetek, euskaraz Argia aldizkariko zuzendari Estitxu Eizagirrek eta gazteleraz Fernando Armendariz foro sozialeko kide eta giza eskubideen militanteak. Eta  irakurri dute Ipar eta Hego Euskal Herriko politika, gizarte eta sindikal munduko ehunka pertsona ezagun gibelean zituztelarik.

Mezu horrek hiru eginkizun zituen:

Lehenik, azken egunotan eta gaur goizean egindako lanagatik arrisku juridikoak hartu dituzten Bakearen Artisauak sostengatzea, zeinek ahalbidatu baitute ETA erakundearen armagabetze osoa, eta agintariei eskatzea ez ditzaten jazarri egindako lanagatik.

Bigarrenik, armagabatze orokor hau sostengatzea, eta eskatzea behin betiko indarkeria politikoaren eta borroka armatuaren bukaera Euskal Herrian. Irudi honek galarazi dezan inork etorkizunean herriaren zilegitasuna aldarrikatuz indarkeria politikoaren zikloa  berriz martxan jartzeko aukera.

Eta, hirugarrenik, bi gobernuak interpelatzea, gogoratzeko armagabetzea ez dela bakea, eta behar dela haien ekarpena bake orokorra, justua eta atzera bueltarik gabekoa eratzeko, bereziki preso eta iheslarien egoera konponduz, biktima guztien aitortza eta erreparazioa bermatuz eta bizikidetza eta berradiskidetze dinamikak, egia eta justiziaren dinamikak -justizia trantsizionalaren bidez- martxan jarriz.