Bakea Euskal Herrian : orain presoak

Bakea Euskal Herrian : orain presoak

100 pertsona ezagun eta 40 erakunde baino gehiagok abenduaren 9an Parisen iraganen den Euskal Herriko bakearen aldeko mobilizazioa sostengatzen du.

Ostegun honetan, azaroaren 23an, Parisen, Giza Eskubideen Ligaren egoitzan, abenduaren 9an Bakegileek “Bakea Euskal Herrian: orain presoak” lemapean Parisen antolatzen duten mobilizazio handiaren aurkezpen prentsaurrekoa egon da.

Horrezgain, prentsaurrekoan “Bakearen alde arriskatuz” deialdia izenpetu duten 100 pertsona ezagun eta 40 erakunde baino gehiagoren sostengua aurkeztu da.

Hemen behean aurkitu dezakezue “Bakearen alde arriskatuz” deialdia, baita 9ko mobilizazioari dagokion prentsa dozierra:

 

Bakearen alde arriskatuz

Bakearen aldeko engaiamendua hartzen dugu. Hamarkadetan zehar Euskal Herriak, Espainian zein Frantzian, bortizkeria ezagutu du. 2011z geroztik beste bide bat hartu da: bake prozesu batean engaiatzearena eta eztabaida demokratikoaren baitan etorkizuna integratzearena. 2017ko apirilaren 8an gizarte zibilaren eta hautetsien parte handi baten ekimenez iragan zen ETAren behin betiko armagabetzeak urrunago joatea ahalbidetzen digu baina baita agintzen ere. Gizarte zibilak bere erantzukizunak hartu dituen bitartean, Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute, haiengandik espero zitekeen bezala, bake prozesuan osoki sartzea ahalbidetuko liekeen keinurik agertzen.

Ez dugu iragana ahanzten. Alde guziek pairatu duten eta oraindik pairatzen duten sufrimendua ezagutzen dugu; biktima guzien aitortza egiteko beharra eta bakoitzari zor zaion egia egiteko beharra ulertzen dugu.

Baina badakigu ere, egungo egoerari iraganeko eskemak aplikatuz euskal gizarteak ez duela bere burua berreraikitzen ahalko eta ez dituela gizarte demokratiko baten tresnak molde iraunkorrean bere eginen.

Presoen eta erbestean direnen patua ez da gehiago gaur egun zentzurik ez duen eta hainbeste egoera jasanezin sortu duen ikuspegi sekuritario baten menpe egon behar. Presoak haien senideengandik hurbiltzea, haien osasun egoera kontuan hartzea, Partikularki Seinalaturiko Preso (frantsesez DPS) estatutua aplikatzeari uztea, baldintzapeko askatasun eskaerak faboratzea ez da amore ematea, justizia egitateak baizik ez ditugu eskatzen.

Egia egitea, bidean diren prozedurak eta presoen egoera konpontzea eta biktimak aitortzea ahalbidetuko duten bide eta tresnak asmatzea ez da zentzugabea, gizarteari berreraiki dadin eta berriz ere bortizkeriarik gabe elkarbizitzarako harremanak eraiki ditzan ahalbidetzea baizik.

Euskal Herriko bake prozesuarekiko gure engaiamendua berretsiz, konfrontazioa baino elkarrizketa eta mendekua baino etorkizuna nahiago duen gizarte baten oinarriak finkatzen ditugu. Eta Espainiako eta Frantziako gobernuei entzun gaitzaten eskatzen diegu: bakearen alde arriska ezazue, biziaren alde arriska ezazue.

Horregatik, Bakearen Artisauen ekimenez, 2017ko abenduren 9an Parisen manifestatuko gara.

 

“Bakearen alde arriskatuz” deialadia eta bere izenpetzaileak
Prentxa txostena